2023ko Finalistak
- Webgunea
- https://en.novacsupercap.com/
- Sareak
NOVAC
Egoera solidoko superkondentsadore moldagarriak
Novac energia biltegiratzeko soluzio aurreratuen garapenean espezializatutako enpresa berritzaile bat da, eta egoera solido moldagarriko superkondentsadoreak ditu ardatz nagusi. 2020an sortu zen Modenan (Italia), eta material konposatuetan —tartean, karbono-zuntza— txertatzen du puntako teknologia; horrela, espazioa optimizatzen du, eta pisua murriztu. Superkondentsadore horiek industria aeroespazialaren, automobilgintzaren eta itsas industriaren errendimendu handiaren eskariari erantzuteko diseinatuta daude. Energia modu eraginkor, arin eta seguruan biltegiratzea ezinbestekoa da horietan.
Novacek gaitasuna du energia-biltegiratzea zuzenean ibilgailuen, aireontzien eta beste sistema batzuen egituran integratzeko; hori du bereizgarri. Horrela, espazio gehigarriaren beharra ezabatzen du eta pisua nabarmen murrizten du. Egoera solidoan dauden elektrolitoen erabilerari esker, segurtasun handiagoa bermatzen da eta elektrolito likido tradizionalei lotutako arriskuak ezabatzen dira, hala nola ihesak edo suteak. Hori dela eta, Novacen teknologia bereziki erakargarria da segurtasun-arau zorrotzak dituzten industrientzat; aeroespaziala eta defentsakoa, kasu.
Novacen berrikuntzak, energia biltegiratzeko sistemen diseinua eta errendimendua optimizatzeaz gain, iraunkortasunari ere laguntzen dio, baterien bizitza baliagarria luzatuz, eraginkortasun energetikoa hobetuz eta material-hondakinak murriztuz. Aliantza estrategikoen eta abian den I+Garen bidez, Novac energia-biltegiratzearen esparruan posible denaren mugak zabaltzen ari da, aplikazio ugaritara egokitu daitezkeen neurrirako soluzioak emanez.
Gaur egun, Novacek kontzeptu-probako hainbat proiektutan parte hartzen du automobilgintzako eta sektore aeroespazialeko enpresa garrantzitsuekin, eta ondo kokatuta dago bere teknologia dimentsionatzeko eta energia-soluzio aurreratuen eta jasangarrien eskaera gero eta handiagoari erantzuteko. Etorkizuneko ikuspegiak eta berrikuntzaren aldeko apustuak funtsezko eragile bihurtzen dute errendimendu handiko energia-biltegiratzearen etorkizunean.